5 Aza 2020

Twinning kalitate zigiluak BIlbao BHIko Miguel de Unamuno BHIn

2020ko urriaren 29an, Bilboko Miguel de Unamuno BHIko hizkuntza klasikoetako ikasleek eta Latineko irakasleak kalitate Nazionaleko eta Europako zigiluak jaso dituzte 2019-2020 ikasturtean Erasmus+ programako eTwinning plataforman egindako bi proiektuengatik.

“Mission Europa” proiektua Alemaniako Frehierr vom Stein Schule eskolarekin (Fulda) lankidetzan egin zen, eta gure gizartean dauden genero-estereotipoak gainditzeko mito klasiko femeninoen eragina ezagutu eta aztertzea zuen helburu. Europako emakumeak eragile politiko eta sozial gisa duen zeregina ere aztertu zen, antzinate klasikotik gaur egun arte.

“The Odyssey of Words still continues…” proiektua aurreko ikastetxe alemanarekin, bi eskola greko, bi italiar eta bat valentziarrarekin lankidetzan egin zen. Proiektu horretan, ikasleek hitzek denboran egindako bidaia luzea aztertu zuten, jatorri greko-latindarretik hizkuntza moderno gehienetara, euskara barne, ailegatu arte, ia aldaketarik egin gabe.

Bi proiektuak Latineko eta Grezierako irakasgaien programazioetan sartu ziren, baina helburuak eta emaitzak irakasgai horietan landutakoak baino haratago heldu ziren. Beraz, diziplina anitzeko ikuspegia erabili zen, CLIL metodologia (Irakas-hizkuntza baten bidezko ikaskuntza) ingelesez eta PbL metodologia (Proiektuen bidezko ikaskuntza) txertatu ziren. Horrela, ikasleek hizkuntza klasikoetan zein modernoetan beren gaitasun linguistikoak indartzea lortu zuten, beren trebetasun digitalak eta kulturalak hobetu zituzten, bai eta autonomia pertsonala eta kultura eta hizkuntza anitzeko gaitasunak ere.

Covid19ko pandemiak eragindako konfinamendu-aldi luzea izan arren, ikasleek, beren etxeetatik eta irakasleen babespean, Europako ikaskideekin lanean jarraitu zuten proiektuko jardueretan. Are gehiago, pandemiarekin zerikusia duten beste batzuk ere egin zituzten, nahiz eta hasieratik programatuta ez egon. Hori dela eta, nazioarteko taldeek konfinamenduaren egoera gogorrak gainditzen lagundu zieten.

Aurreko astean, Latina 2C-ko ikasle batzuek (Cristina Radu, Ekaitz Manzano, Amanda García, Leire Pallares, Rita López, Izaro De Pedro, Irati Elias eta Irene Rodríguez) eTwinning kalitate zigiluak jaso zituzten 2019-20ko ikasturtean egindako bi proiektuengatik: Mission Europa eta The Odyssey of Words still continues. Erantsitako bideoan ikus dezakezue institutuko diploma-banaketa.